4 febrero, 2020

Amatasuna eta errua: A ze nolako parea!

errua eta amatasuna

Badirudi errua eta amatasuna noizbait, bata besteari, betirako fideltasuna aitortu zirela. Amatasuna ezin dala errugabe bizi dirudi eta beraz, amatasunean egiten ditugun ekintza desberdinek, beti dute, erruaren begiradaren bat. Erlazio hau azaltzen duten hainbat azalpen aurkitu ditzakegu behar bada, baina nik bi azalpen ikusten ditut argi, momentuz. Bata, errua kulturarekin lotua dagoela eta bestea, pertsonon psikearekin zer ikusi handia duela.

Errua beraz, gure kulturarekin oso lotua dago, erlijioak eragin oso sakona izan du. Zigortuak izango gara esaten dena egiten ez badugu. Pertsonok, garai batean, dena aitortu behar izaten genuen. Ziurrenik gure pentsamenduak txarrak zirela uste zelako eta beraz, txarrak garenaren sentzazioa jasan dugu denpora luzean. Honek guregan zama handia hutsi du eta, pentsamendu batzuk izanda, txarrak garela sinistuarazi digute. Pertsonaren alde iluna ukatu da beraz, eta gainera zigortu. Horrelako  edozein sentimendu izanez gero, errudunak sentitzen gara. Hau, badirudi denporan urrun geratzen dela, gaur egun erlijioak indarra galdu baitu,baina tradizioan dago eta tradizioak generazioz generazio irauten du. Baina askotan pertsonok, onartuta ez dauden sentimendu horiek, izaten ditugula kanporatzeak, lasaitasuna ematen digu.

Eta beste alde batetik, psikoanalisiaren arabera eta pertsonaren psikeari begirada emanez, Freudek aztertu zituen kontzeptuak, asko argitzen dute erruarekin dugun erlazioa. Bere esanetan pertsonok, zera, nia eta superniak ditugu. Bakoitzak bere funtzioa betetzen du baina nia eta supernia dira erruarekin zer ikusi gehiena dutenak. Superniak niari gauzak nola izan behar duten esaten dio, ideal batetara heltzera behartzen dio. Niak berriz, benetan nola garen argitzen digu, gu garena da. Beraz supernia eta nia oso urrun badaude superniak gehiago bultzatuko dio niari bera bezalakoa izateko baina nia bera den bezalakotik asko urrunduko da. Eta aldi berean errudun sentituko da ez delako heltzen superniak esaten diona izatera. Adibide argi bat amatasunean gertatzen dena: ama guztiok egiten dugu ama izatearen ideia bat eta gero asko harritzen gara benetan ez delako guk pentsatu duguna. Ama ulerkorra, lasaia, pazientzia handikoa eta abar izan nahi dugu, hau da, perfekzio edo idealera heldu nahi dugu, superniak perfekziora garamagulako, baina benetan ez dakigu nolakoak garen. Askotan errudun sentitzen gara bata edo bestea egiten dugulako, hau da, gutaz espero ez doguzan gauzak egiten ditugulako eta guretzako hori ama txarra izatea da. Hau gertatzen zaigu, ama ona izatearen ideia bat dugulako, baina ideia hori normalean gu garenagandik oso urrun dago eta beraz, gure burua benetan nola dan ikustean errudundu egiten gara. Egia da denok nahi dugula beti hobeak izan eta gure egunerokoan hobetu, baina erru sentzazio hori arintzeko, lehenengo gure burua ezagutu eta onartu egin behar dugu. Nortzuk garen ezagutu. Nolakoak garen onartzen dugunean, gure ni ideala ez da horren ideala izango eta gure ni errealarengadik hurbilago egongo gara beraz askoz lasaiago sentituko gara, hau da, supernia eta nia hurbil daudenean errua asko arintzen da.