4 febrero, 2020

Amatasuna eta errua: A ze nolako parea! (II. atala)

Erruarekin jarraituz eta esan bezala, gure idealaren bila gabiltza. Ama bezala nolakoak izan nahi garen bilatzen gabiltza. Askotan bilatzen dugun hori errealitatetik oso urrun dagoen arren. Gaur egun, gainera, hainbat informazio dugu hezkuntzaren inguruan, non alde batetik lagungarria den baina beste alde batetik, gauza guzti horiek jakitean, presio gehiago sentitu genezake. Gauza bat teoria delako eta beste bat, oso desberdina, errealitatea. Beraz askotan irakurri duguna ezin dugu gure egunerokotasunean ezarri.

Bonding aldizkarian, Berta Perez Gutierrezek idatzitako artikulu oso interesgarri bat aurkitu dut honen inguruan eta gai hau osatzen du. Berak amaren kontraesanak azaltzen ditu, adibidez ama batek pentsa lezake: “Badakit titia ematea ona dala baina nik min handia sentitzen dut ematen dudan bakoitzean” edo “Esaten dute ez dela oso ona haurra negarrez uztea baina ni oso nekatua sentitu naiz momento askotan eta ez dut bere beharrizanari erantzun beti, ama txarra naiz?”. Momentuoro errua sentitu genezaken egoerak ematen dira amatasunean.

Amaren erru guzti horri erantzun bat emateko asmoz, Bertak lagundu gaitzaketen hiru ideia azaltzen ditu:

  1. Gurekiko begirada maitakorrago bat lagungarriagoa izango litzateke. Erditze prozesutik orbain emozional eta fisikoekin etorri gara, haurraren hezkuntzari autokonfidantza gutxirekin egiten diogu aurre. Gaur egungo amatasunak exijentzia altuak izatera eramaten gaitu eta ezin ditugu bete. Honen aurrean ondo egiten duguna aintzat hartu behar dugu gure identitatea sendotzeko.
  2. Adituak esaten dutena erreferentzi bezala hartu behar dugu eta ez egi absolutu bezala. Ipar orratzak dira eta oso baliagarriak gure haurrak norantzako bidea hartzen duten momentuoro jakiteko, baina errealitaterarekin egiaztatu behar dugu. Gure haurrentzako askoz aberasgarriagoa da sentimenduak adierazi dezaketen gurasoekin bizitzea, gure mugak eta akatsak onartuz. Winnicottek erabiltzen zuen: “bestean besteko ama ona”. Esaldi honekin benetako amek nolakoak diren definitu zuen eta ez superwomanak.
  3. Errua gure begiak estaltzen duen benda bat besterik ez da. Errealitatearekin kontaktua hartzea galarazten digu eta batez ere ez digu besteari ikusten uzten. Erruari aurre egiteak huts egiteei aurre egiteko balio du eta huts egite horrek konpontzeko ere. Ondo egin ez doguna onartzen badakigu, gure seme-alabei hobeto lagundu ahal izango diegu. Elkar ezagutza gehiago garatuko da eta bakoitzaren akatsak onartu ahal izango ditugu exijentziarik gabe.

Bertaren hitzek asko lagun gaitzaketela uste dut, nahiz eta hauek ere errealitatera eramatea zailak diren batzuetan. Bakoitzak gure zailtasunak ditugu; alde batetik erakutsi ez digutelako nola egin, emozioak kanporatu ahal zuten erreferentziarik gabe hazi baikara eta baita, gure garaian, hezkuntzan ez zelako honetaz asko hitz egiten. Beraz ahal dugun neurrian egingo dugu, exijentziarik gabe eta asmo onenarekin.